XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Akats handi bat zuten antzinako errepublikarik gehienek: herriak ebazpen aktiboak hartzeko eskubidea zuen han, nolabaiteko exekuzioa eskatzen dutenak, baina herria ez da inolaz ere gai horretarako.

Ordezkariak hautatzeko bakarrik sartu behar du gobernuan; hori bere esku baitago guztiz. Izan ere, gutxi badira gizonen gaitasunaren gradua zehazki ezagutzen dutenak, bakoitza gai da, ordea, oro har , hautatu duen hura beste gehienak baino argiagoa den jakiteko.

Ordezkarien gorputza ez da hautatu behar, halaber, ebazpen aktiboren bat hartzeko, hori ez bailegoke batere ondo, legeak egiteko baizik, edo ordezkarien gorputzak egin dituen legeak ondo bete diren ikusteko.

Hori oso ondo egin baitezake; are gehiago, berak bestek ezin baitezake ondo egin.

Estatu batean, beti dira jaiotzaz, ondasunez edo ohorez goren direnak; baina horiek herritarren artean nahastuko balira, eta besteek bezalako boza besterik ez balute, denen libertatea haien esklabotza litzateke, eta ez lukete inolako interesik izango libertate hori defendatzeko, ebazpen gehienak beren kontra izango liratekeelako.

Legegintzan duten parteak, beraz, Estatuan dituzten beste abantailen proportziokoa izan behar du; eta hori herriaren asmoak geldiarazteko eskubidea duen gorputza osatzen badute gertatuko da, herriak ere haienak geldiarazteko eskubidea baitu.

Horrela, botere legegilea nobleen gorputzari eta herria ordezkatzeko hautatutako gorputzari emango zaie, eta talde bakoitzak beren biltzarrak eta eztabaidak izango ditu, eta ikuspegi eta interes desberdinak.

Aipatu ditugun hiru botereetatik, epaitzekoa, nolabait esanda, ez da ezer. Bi besterik ez dira geratzen; eta neurrian ibiliko badira, botere arau-emaile baten premia dutenez, nobleek osatutako gorputz legegilearen partea oso egokia da horretarako.

Nobleen taldeak oinordekotzaz iraun behar du.

Lehenik, bere izatez da horrelakoa, eta gainera beharrezko da bere pribilegioak gordetzeko interes handia izan dezan, berez gorrotagarri diren eta, estatu libre batean, beti arriskuan egon behar duten pribilegioak.

Baina oinordekotzazko botere bat bere interes partikularren arabera jokatzera makur litekeenez, eta herriarenak ahaztera, zera behar da: botere hura erosteko interes handia sorrarazten duten gauzetan, hala nola diru-bilketari dagozkion legeetan, hark galarazteko ahalmena baino ez izatea legegintzan, eta ez erabakitzeko ahalmena.